Ezagutu gaitzazu
Euskaltegiko irakasleak ikasturte osoa pasa zuen euskara logikoa delako “mantra” errepikatzen, eta azkenean ikasleek ideia berenganatu zuten. Ikasturtearen bukaeran ikasle bati esaldi hura kamiseta batean islatzea otu zitzaion. Eta hiru burmuin koloredun zituen kamiseta bat oparitu zion irakasleari. Arazoa zera izan zen, gelako ikaskideei izugarri gustatu zitzaiela kamiseta hura…
Erdi txantxetan, “Kamiseta gehiago egin beharko zenituzkete” esan zieten ikaskideek irakasleari eta ikasleari.
Erdi txantxetan…
Harez geroztik gertatutakoren emaitza webgune honetan daukazue. Erdi txantxetan sortu zen ideia hura gorpuzten hasi ziren ikaslea eta irakaslea. “Guk marka bat sortu? Burutik zaudete!” esalditik “agian ideia ona izan liteke” esaldira pasa ziren. “Guk horretaz ez dakigu deus” esatetik “marrazki hau jar genezake” esatera pasa ziren. “Nola demontre sortuko dugu enpresa bat?” galdetzetik, “ondasun erkidegoa da guri komeni zaigun egitura juridikoa” erantzutera pasa ziren.
Ez zen bide erraza izan, bai irakasleak bai ikasleak bestelako lanak baitzituzten. Eta biak ala biak lanez lepo egon arren, uneren batean abentura honek merezi zuela erabaki zuten eta, pixkanaka, aurrera jarraitu zuten.
Irizpide ideologikoak adostu zituzten: kamisetak euskaraz egingo zituzten eta Euskal kulturaren erreferentziak erabiliko zituzten, hala literaturakoak nola musikakoak. Eta ahal den neurrian, Euskal Herriko baliabideak erabiliko zituzten: Euskal Herriko serigrafiak eta enpresak, Euskal Herriko ilustratzaileak eta sortzaileak.
Euskaralogikoada poltsa sortu zuten lehenik. Gero EUSKARALOGIKOADA kamiseta diseinatu zuten. Eta gero Harkaitz Canori baimena eskatu zioten “Pentsatu eta esaten ez diren gauzak” esaldi gogoangarria kamiseta batera eramateko. Eta gero…